Azaroaren 25eko kanpainak gogorarazten digu emakumeen aurkako indarkeria ez dela emakumeen arazoa soilik, gizarte osoarena baizik

Azaroaren 25eko Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren kanpainak gogorarazten digu emakumeen aurkako indarkeria ez dela emakumeen arazoa soilik, gizarte osoarena baizik eta indarkeria matxista jasaten duten emakumeen inguruan sarea eta komunitatea sortzeko deia egiten du. "Ez da zure arazoa bakarrik, gurea ere bada" lelopean eta indarkeriaren biktima baten alboan dagoen pertsona talde baten irudiarekin, kanpainak dei egiten du gizarte osoa aktiba dadin indarkeria matxistaren "normalizazioa" saihesteko.

Euskal Autonomia Erkidegoko 4.500 emakumeri egindako "Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko inkesta"-ko datuen arabera, Euskadin bizi diren 16 eta 85 urte bitarteko emakumeen % 48,2k noizbait pairatu du indarkeria-motaren bat bikotearen barruan edo kanpoan: hau da, bi emakumetik batek. Salaketak kasuen % 15era iristen ez diren arren, emakumeen % 80k dio indarkeria horren berri ematen diela lagunei, senideei, ingurune hurbilari. Horregatik da hain garrantzitsua gizarte aktibo eta kontzientziatu bat izatea.

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak nabarmendu duenez, "emakumeek ahal duten moduan kontatzen ari dira, nahiz eta zaila izan; beraz, pilota gizartearen teilatuan dago batez ere, eta gizarteak erantzun, lagundu, ulertu behar ditu, sentitu behar du ez dela emakume batzuen arazo pertsonala, arazo soziala baizik".

Emakundek hiru aldundiekin eta EUDELekin elkarlanean abiarazitako kanpainak erantzukizun soziala, komunitarioa, instituzionala... aldarrikazten du, indarkeria matxista jasaten ari diren emakumeak babesteko, entzuteko, sinesteko eta artatzeko.

Kanpaina hainbat euskarritan zabalduko da azaroaren 11tik 15era.

Kartela: (PDF, 14 MB) | (PNG, 14 MB)

Bideoak: Euskaraz (YouTube) | Gazteleraz (YouTube)